2007/02/13

2007/01/23

Bollywoodetik .... Euskal Herrira.




Zortzi obra estreinatuko dituzte Korrika Kulturalaren barruan

Kulturbira ekimen berriaren bidez, herrietako kultura eragileei aterpea emango dio Korrika Kulturalak

maite asensio

Durango

Bizkaian ere elurra bota du, eta Miss Helduren laguntzaileek berandu iritsiko dela iragarri dute. Bat-batean, atea ireki eta hor agertu da, zinemako izarrak bezala, jantzi beltz dotorea eta betaurreko ilun erraldoiak soinean dituela, kamera guztien atentzioa erakarri nahian. Gizonei keinu iradokitzaileak eginez ibili du agertokirako bidea, eta dena antolatzen hasi da. Segituan hasiko da ekitaldia.

Miss Heldu protagonista duen antzezlanaren bidez aurkeztu zuten atzo AEK-ko arduradunek Korrika Kulturala, Durangoko Plateruena antzokian. Izan ere, pertsonaia bitxi honek partehartze garrantzitsua izango du aurtengo ekitaldietan. Gutxi barru, jainkosa honek herriz herri eramango duen bira hasiko du, bertako kultura ekitaldiak bultzatzen eta aurkezten. Horixe da aurtengo Korrika Kulturalak dakarren berrikuntzarik handiena: hedatzerik ez duten herrietako kultura ekintzak bultzatuko duen Kulturbira.

Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari lelopean, martxoaren 22an Karrantzan (Bizkaia) hasiko da Korrika 15, euskararen alde bi urtero AEK-k antolatzen duen lasterketa. «Urteetan zehar hainbeste lagundu digun herriari eskerrak emateko», programazio nazional anitza egituratu dute. Otsailaren 1ean hasi eta martxoaren 23an amaituko da, eta kulturak errepidea libre utziko die euskaltzaleei. Bi hilabete horietan, Euskal Herri osoan barrena eramango ditu bertso, literatura, musika eta antzerki ekitaldiak.

ZORTZI ESTREINALDI. Egun euskarazko kultura sorkuntzan dauden arlo desberdinak biltzen saiatu dira AEK-ko kideak. Hogei kultura eragilek baino gehiagok hartuko dute parte aurtengo Korrika Kulturaleko 16 ekitaldietan. Horietako zortzi bertan estreinatuko dira.

Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolarien eta Josu Zabala, Aitor Rubio eta Alex Ruiz de Azua musikarien Gu ta gutarrak proiektuak bertsoa musikatu eta musika bertsoetara egokituko ditu. Jon Maiaren Karidadeko Benta taldeak San Quirico diskoaren aurkeztuko du. Logela Multimediak Mokaua izeneko azken lana aurkeztuko du, ikusentzunezko saio berrizale baten bidez. Hiru Punttu antzerki taldeak Antton Lukuren Baionan bizi oholtza gainera eramango du. Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek Portukoplak sortak biltzen dituen poemak errezitatuko dituzte. Bihotz Bakartien Klubak poesia kantu bihutuko du Katamalo literatura emanaldian. Gilkitzaro antzerki taldea egungo bizitza ulertzeko moduaz mintzatuko da Honolulu, leku bat saio berrian. Eta azkenik, Golokaren txontxongiloek Hala bazan haurrentzako emanaldia ekainiko dute.

Baina estreinaldiez gain, beste hainbat artistek ere parte hartuko dute Korrika Kulturalean. Anestesia eta Itaka taldeak elkarlanean ibiliko dira, baita Niko Etxart eta Anje Duhalde musikagileak ere. Antzerkiaren arloan, Tartean konpainiak Ezin dut egia esan lana eskainiko du; haurrentzako beste bi obra egongo dira: Eidaberen Kanpanolue eta Pirritx eta Porrotxen saioa. Aurtengoan, berriz, dantza emanaldi bakarra egongo da, Miarritzeko Ballet Gaztearen eskutik. Gainera, Patxi Usobiaga eskalatzaile eibartarrak Pisu gabezia ikusentzunezko lana aurkeztuko du.

Kultura eskaintza zabala izango da, beraz. Eta programazio nazionalaz gain, herri eta auzoek norbere ekitaldiak antolatzen jarraitzen dute. Horiek ere kultura eskaintza biribiltzea espero dute AEK-ko kideek.

MISS HELDUREKIN BIRAN. Euskal Herria aberatsa da kulturan, eta txoko ia guztietan kultura ekintzarik egoten da. Eragile horiek, ordea, ez dute euren ekimenak kalera ateratzeko aukerarik. Baina aurtengo Korrika Kulturalak abagune aparta eskaini die: Kulturbira ekimena. Euskal Herri osoan zehar joango den karpa da, eta bertan txoko guztietako artistei aterpea emango die.

Kultura kalera ateratzen lagundu nahi du Kulturbirak, eta horretarako azpiegitura sendoa jarri du kultura eragileen zerbitzura. Horretaz gain, herritarren aurrean saioak aurkeztuko dituen Miss Helduren umorea ere eskainiko du Kulturbirak. Oraingoz, Euskal Herri osoko 19 udalerrik hartiko dute parte ekimen honetan, bertako Korrika Batzordeen bidez. AEK-ko antolatzaileek esan zutenez, ordea, proposamenak aurkezteko eta izena emateko epea oraindik ere zabalik dago.

Herrietako taldeen antzerki lanak, musika kontzertuak eta dantza saioak bai, baina trikitilariak, fanfarriak, ipuin kontalariak edota herri bazkariak ere bai. Orotariko ekimenak hartu nahi ditu Kulturbirak, Korrika 15en leloak dioenari jarraiki, kulturari heldu egin behar zaiolako.



2007/01/17

miss Heldu









Miss Heldu Euskal Herrian!